Egun bat Kiman

Haizearen Begietatik

Kaixo, Haizea naiz eta gauzatxo bat kontatu nahi dizuet…

Aurten KIMAra joaten hasi naiz. Orain arte, nire gurasoekin ibili naiz batera eta bestera, etxetik paziara, amonari bisitatzera, etxeko jostailuekin jolasean…Ta bat-batean, nire gurasoei otu zitzaien leku berri bat ezagutu behar nuela. Hasieran beldur nintzan, dena ezezaguna zan, baina orain poz-pozik joaten naiz KIMAra. Begira, egun batean Kiman zer egiten dudan azaltzea izango da hoberena, atzo adibidez… baina jakinarazten dizuet egun denak ez direla berdinak izaten, beti zerbait berria gertatzen delako.

Atzo, goizeko 9:00tan tipitapa nire aita eta ni Kimara heldu ginan. Harreran, Rebeka (hemen gurekin egoten den pertsona handia da, behar dugunean laguntzen gaituena) bere aulkitxoan eserita, goxo-goxo jaso gintuen.

– Egun on Haizea, zer moduz zatoz gaur? Egun on Mikel (nire aita), Zer moduz?

Rebekak, beti ditu besarkada bero beroak guretzako baina nabaritu zidan ez nengoela umorez eta nire denbora eta lekua eman zidan lasaitzeko, ufffala, eskerrak! Nire aitak segituan “txibatu” zion gauean dantzan ibili nintzala eta lo gutxi eginda nengoela. Rebekak eta nik nire aita agurtu genuen. Muxu potolo-potolo bat eman nion eta hala, gero arte Bonaparte!

KIMA ez da nire etxea baina etxean bezala sentitzen naiz. Badut nire gauzak (txamarra, oinetakoak, aldaldiak) uzteko lekua, nire argazkitxoarekin. Atzo jertsea kentzeko nahiko lan izan nituen, baina Rebekak behar nuen denbora lasai hartzeko esan zidan, eta bitartean beste laguntxoak eta haien gurasoak jaso zituen. Rebekak konfiantza du gugan, badaki gai garela, guk egin dezakeguna ez digu berak egiten. Hala ere, atzo nekatuta nengoen eta laguntza eskatu nion Rebekari txamarra kentzeko. Berak, eskuak poliki-poliki mugituaz hurrengo pausoa ematen lagundu zidan eta hara! Bat-batean LORTU NUEN! GAI NAIZ! Bua, a ze sentsazio earra!

Atzo lo gutxi eginda nengoenez ez nuen pulamenduz gosaldu eta gosez nengoen. Beraz, aurreko batean Rebekak azaldu zian platano bat nola zuritzen zen (mugimentu mantsoak eginez azaldu zidan, eta primeran ikusi nuen nola mugitu behar diren eskuak), beraz atzo nik egin nuen, eta bide batez platanoa jan ere bai! Sukaldeko aldameneko apalategian egoten dira janariak eta hauentzako tresnak. Dena primeran antolatua mantentzen dugu, gauzak erraz topatzeko, eta horrek niri lasaitasun handia ematen dit.

Rebekak ipuin bat hartu zuen eta lanean ez geundenoi, ea ipuina entzun nahi genuen galdetu zigun. Maialen leihotik begira zegoen, euria ari zuen eta ur tantak putzuetan egiten zituzten marrazkiei begira zegoen. Hantxe gelditu zen. Baina Iker eta ni berehala joan ginen txoko goxora ipuina entzutera. Libe, Kimako txikiena, nahigabetuta, negarrez zegoen, eta Rebekak besotan hartu eta gurekin ipuina entzutera ekarri zuen. Han lasaitu zen. Ipuina bukatu baino lehen Maialen ere gurekin eseri zen ipuina entzutera. Ipuina otorduen inguruan zen, zer gustuko eta zer ez zuen Frankek (ipuinean azaltzen zena).

Ipuina bukatzean, Rebekak banan-banan galdetu zigun:

– Haizea zertan arituko zara orain?

Nik pentsatu nuen belakia eta ur urdinarekin aritzea pentsatu nuen. Txundituta gelditzen naiz belakia ur urdinean sartu eta eskuarekin sakatu ezkero ura nola desagertzen den, eta ondoren eskuarekin berriz estutuz gero ura berriz nola irteten den. Beraz, bandejatxoa hartu eta mahai batean eseri nintzen materialarekin. Esku indartsuak behar dira belakia estutzeko bada, baina nik baditut, ja! Nahiko ibili nintzanean berriz materiala zegoen bezala eta hartutako lekuan utzi nuen.

Haize pixkat hartzera joateko ordua hurbiltzen ari zen. Ia egunero zelaira irteeratxoa egiten deu, eta batzuetan urrutirago ere joaten gara…Korrika, salto, oihu lasai asko egiten degu…Atzo euria egiteari utzi zionez, Rebekak proposatu zigun, bertan ditugun katiuskak jantzi eta ea nahi genuen putzuetan plisti-plasta ibili. BAAAAAI! Esan genuen aho batez. Tira, Libek ez, oraindik txikia data, baina konturatzerako gurekin da salto eta brinkoka.

Ai ene, berriz ere tripak orroka! Bazkaltzeko ordua hurbiltzen ari zen. Barrura sartu eta guk katiuskak kentzen genituen bitartean Rebekak mahaiak bazkaltzeko elkartu zituen. Iker mahaia jartzeko arduraduna zen eta bakoitzaren tresnak primeran jarri zituen. Etxetik ekartzen deun janaria jaten deu KIMAn, eta denak poz pozik bazkaltzen deu, gure etxeko usainak eta zaporeak ezagutzen ditugu eta.

Bazkal ostean, pixkanaka Rebekak KIMAko argiak itzaltzen joan zan iluntasun pixkat egiteko eta gu bitartean arropak kendu eta lotako prestatu ginan. Libe, iada lo zegoen. Iker, Maialen eta ni, ohean sartu eta Rebekaren muxutxo goxoarekin lokartu ginan.

Tira, eta atzoko KIMAko eguna bukatzen ari da. Siestatik indar berrituta esnatu nintzan, eta irrikaz nire gurasoak ikusteko. Komuneko buelta egin, jantzi eta gurasoak iritsi bitartean Rebekak musika jarri eta abesten eta dantzan jardun ginan. Meriendarako gosea egiten!!!

Hau da Kima, etxean bezala sentitu arazten nauen lekua, ni naizen bezala onartzen nauen lekua, ni eta nire familia errespetatzen duen lekua. Ze ni KIMAra etortzen naizenean, nire familia bertan ez egon arren nire bihotzean dago, eta nire bihotza pozik sentitzen da bertan.

Hurrengo batean gauza gehiago kontatuko dizkitzuet, edo hobeto, egunen batean etorri KIMAra bisitara!!

LASTER ARTE!!!